2005/07/31

Venetian Night

Izen hori hartzen du azken 48 urteotan Chicagon egin izan duten jaiak. Jai horretan, nire irakasle batek esan zuenez, milaka jende pobrek ikusten du lehorretik zelako aberatsak diren ontziak dituztenak. Izan ere, eta argazkian ikus daitekeenez, egun horretarako atondutako ontziak eta yateak pasatzen dira 600.000 pertsona baino gehiagoren aurretik. Jende hau guztia 'Lakefront' inguruko parke ikaragarri handi batean, Grant Parkean egoten dira, belarrean etzanda, nork bere aulkitxoekin, kandelekin, afaltzen... Esan daiteke ontzien 'parade' hori aitzakia baino ez dela udako arratsalde atsegina pasatzeko. Badirudi, gainera, gau horretan alkohola edan daitekeela agerian, hainbat jendek txanpaina, ardo zuria eta garagardoak edaten baitzituen.

Jaia kontzertu batekin hasi zen, dena musika espainiar eta latinoaz, Mexikoko zuzendari gazte famatu batek zuzendua eta Frank O. Ghery-k egindako antzestoki eder horretan. Gero, esan bezala, ontzien parada. Eta azkenik, eta lakuko kai batetik, ikaragarrizko su artifizialak. Irratia eramanez gero, suek segitzen zuten musika-erritmoa entzun zitekeen. Eta hainbeste jenderentzat dela jakinik, neurririk gabe gastatzen dute dirua. Emaitzak bistan daude!

Hainbeste jende elkartu zela-eta, gauzatxo bat komentatu nahi nuke. Beti bezala, jende gehienak ingelesez hitz egiten zuen. Eta beti bezala, 6 edo 7 elkarrizketatik bat-edo gaztelaniaz zen. Baina hainbat jenderi entzun nion polonieraz hitz egiten. Kontutan hartu behar da Chicago munduko bigarren hiri poloniarrik handiena dela, milioi bat 'Polish' bizi omen baita hiri santu honetan. Esan nahi dut hobeto ulertu nuela AEBren 'melting pot' izaera, arraza eta jatorri guztietako jenderen nahasketa baino ez baita. Eta hori aberasgarria da, batez ere ikusten duzunean ikasi dutela elkarrekin bizitzen. Jende gehienak, oso desberdinak izaki, ederki onartzen ditu besteak, nahiz eta hainbat eremutan kontrakoak izan. Nahi nuke nik horretako zerbait ikasiko bagenu denok!

2005/07/28

Let's keep it!


Bizia aurrera doa hemen, kontatzeko gauza handirik ez badago ere. Txintxo-txintxo bagoaz klasera egunero, goizeko 7:30tan irtenda, 8:30tan hasten baitira klaseak. 40 minutu inguru izaten da bidaia. Gaur, zenbait kidek bere azken klaseak hartu ditu, beraz, zenbait argazki egin ditugu eta elkarri eman helbideak eta abar. Orain klasera joan behar dut. Jarraituko dut geroago.

Geroago hori hurrengo eguna da, barikua. Amaitu ditugu aste honetako klaseak eta gurekin izan diren ikasle batzuk doazenez, argazkiak atera dizkigute. Hemen ondoan doa nire klasekoen irudia. Gizon lodikote hori (ni ez naizena) poloniarra da, baina 14 urtez egon da bizitzen Chicagon. Entzun beharko zeniokete hitz egiten! 'Broken English' deitzen diote berba egiteko modu horri.

Atzo ezagutu nuen Belizeko lehen viatortarra izatera doana (nire urtebetetze egunean, abuztuaren 6an, botoak egingo ditu Belizen bertan), Moises Mesh. Maia alde guztietatik, hitz egiten erakutsi ez bazioten ere. Irakaslea da eta nobiziadoa egiten egon da hemen, Milwakee-n (Chicagotik iparraldera). Tipo jatorra iruditu zait. Bere lehen hizkuntza gaztelania delakoan nago. Ingelesa bere bigarrena. Eta kreole hirugarrena (maia, zoritxarrez, ezin da sartu zerrenda honetan). Biok batera joan ginen antzerki musikala ikustera hemengo parrokiara : "The King and I". Seguru aski gogoratuko duzue Yul Briner ospetsuak errege asiarraren papera hartzen zuen filme hura. Ba, parrokiako jendeak, orkestra eta guzti, azken 36 urteotan prestatu ditu era honetako antzerki musikalak. Oso luzea izan zen (3 ordu inguru), baina gustura ikusteko modukoa.

Asteburu honetan badut asmoa "Venetian Night' izeneko su artifizialetara joateko. Larunbat gauean izango dira eta, aldatu ez badira hiru urtetik hona, benetan merezi du: lakuaren inguruan eta musikarekin batera, espektakulu ikusgarria izaten da. Eta igandean, ea ikusten dudan musikako 'show'ren bat, badaude-eta ikustoki ireki piloa, sarreran hitz magikoa dutela: 'FREE'.

Kontauko deutsuet.

2005/07/24

Let's go to the movies!


Gaur Chicago 'Downtown' (hirigunea) joan gara. Duela hiru urte, lehenik egon nintzenean, lanean ari ziren "Millenium Park" izenekoa eraikitzen. Gaur, Saint Viator Parrokian aparkatu ondoren, "EL" delakoa hartu dugu ('ELevated Train') eta erdialdera joan gara, 'Loop' ('Bihurgunea' ) izeneko ibilbidea egin, etxeorratz ikaragarrien artean, eta parke horretara heldu gara azkenean. Hitzik gabe geratu naiz. Lehenengo, bi zutabe handi, kristalezkoak-edo, ura dariela goiko aldetik eta aurpegi batzuen proiekzioak erakusten dituztela; ume piloa zebilen azpian goitik zetorren uretan bainua hartzen, edo dutxa -egun beroa izan da eta ondo zetorren freskura hori. Ondoan duzue irudi bat.

Gero, piska bat gorago joan eta, lorategi zoragarri batzuetatik pasatu eta berehala, 'Bilbon gaozak!' . Horixe pentsatu dugu, Frank O. Ghery-k diseinatutako aire zabaleko antzestoki ederra ikustean. Ondoan baziren frantsesez ari ziren emakume batzuk eta "C'est comme le musée de Bilbao" esaten entzun diegu. Egia esateko, ez dago munduan Bilboko Guggenheim bezalakorik (Bilbon dagoelako), baina ingurune honetan, benetan, sinestezina egiten da obra hau. Ondoan dauka halako suge moduko zubi bat, beste parke batekin lotzen duena eta hori ere, ederra.

Gero, oinez ibili gara 'Magnificient Mile' izeneko pasealekutik barrena, erosketa batzuk egin eta 'EL' berriz hartuta, automobila utzi dugun lekura. Baina automobila hartzera joan garenean, ezusteko desatseginarekin egin dugu topo. Lanean ari ziren langile latino batzuk eta gure kotxeak oztopo egin izan die egun osoan zehar. Barkamena eskatu diegu haiei eta parrokiako viatortarrei eta etorri gara Arlington Heights-era. Bertan, eta eguna borobiltzeko, 'The Island' filma ikusi dugu zinean. Ez dakit Euskal Herrira heldu den, baina niri, behintzat, gustatu egin zait: 2020 urtean gizakiak klonatu egiten dira, 5 milioi dolar ordaindu eta gero. Eta klon bik ihes egiten dute. Esandakoa, gustatu egin zait. Bihar gehiago.

2005/07/22

I got caught by the police


Klaseko bigarren egunean, Arlington Heights-eko gure etxera itzultzen ari ginela eta oraindik oso hurbil 'Dominican University'-tik, ez nintzen konturatu eta, dirudienez, gehiegi zapaldu nuen azeleradorea. Muga 30 milia izanik (48 km/h), ni 45 milia/h abiadura neraman (72 km/h). Polizia automobilak halako seinale berezi batzuk egin zizkidan eta nik aparkatu egin nuen albo batean. Badator ofiziala -gazte samarra- eta dokumentuak eskatu dizkit. Nik nazioarteko gida-baimena eta pasaportearen kopia eman eta berak itzuli. Eta orduan, galderak: 'Are you Fathers?' (!) Eta nire erantzuna: 'No, we are Brothers, from the Viatorians'. Orduan berak: 'Are you going to Arlington Heights?' (!) Eta nik: 'Yes, that's it'. Beraz, bazekien ia dena gutaz, matrikulagatik, suposatzen dut. Baina, horretaz aparte, bazirudien viatortarren ikasle ohia-edo balitz bezala... xehetasun gehiegi zekizkien eta matrikulatik atera ezin zitezkeenak.

Azkenean barkatu egin zigun isuna (70$ edo gehiago). Handik aurrera, ez duzue ikusiko beste inor hainbesteko arretaz gidatzen duenik inguruotan. Kontatu egin genien hemengo anaia zaharroi eta denak hasi ziren: 'Don't speed, don't speed. It's just too risky!' Eta horrelakoak. Enfin!

Eta hasi naiz ezer esan barik gure ikasketa lekuaz eta mailez. Oraintxe zuzenduko dut hori. Gure eskolak 'ELS' dauka izena eta AEBko leku askotan dauzkate sukurtsalak. Chicago inguru honetan 'Dominican University' delako unibertsitate pribatuan dauzkate gelak. Izatez, unibertsitatearen adartzat jotzen dute. Lehen egunean 'placement test' delakoa egin behar izan genuen, jakiteko zein mailatan eta ze klasetan jartzen gintuzten. Nahiko egun astuna egin zitzaigun, batez ere niri, gauza gehienak banekizkielako aurrekoan egon nintzenetik. Eta hurrengo egunean, berriz, esan ziguten emaitza. Ni 110 mailan jarri naute, 'masters' izeneko lehena (beste bi baino ez dago hortik gora, 11 eta 112, baina ikasle bat baino ez dago 111 mailan eta inor ez 112an -eta 100dik gora dira ikasleak).

Lekua zoragarri polita da, pelikuletan agertzen diren unibertsitate amerikar eder horien tankerakoa. 40'ko bidea daukagu automobilez hara heltzeko (eta automobilez joan behar, Herri honetan ez baitago ia zerbitzu publiko ganorazkorik). Bertan hainbat herrialdetako ikasleekin elkartzen gara, baina ELSn, batez ere, Asiako jendea dago: japoniarrak, taiwandarrak, hegokorearrak, baita thailandarren batzuk ere... Ez nire klasean, baina J.J.renean, denak dira Asiarrak bera eta frantses bat kenduta. Nahiko zaila egiten omen zaio haien ingelesa ulertzea...

Eta gaurkoz, nahikoa. Hemen behean sakatuta mezuak idatzi ditzakezue, horrela jakingo dut baten batek irakurtzen duela blog hau!

2005/07/17

I am here!


Sentitzen dut hain berandu ibili izana, baina Internet ez dabil etxe probintzialean eta asteburua pasa arte ez dute martxan jarriko. Anaiari idatzi ahal izan nion eta gero bertan behera geratu zen. Hona hemen anaiari idatzitakoa:

Bidaia ederto. Leihoaren ondoan tokatu zait, eta hori ia ondo dago. Hasieran bazirudien kalefakzioa piztuta zegoela, baina hegaldatu garenean normal jarri da (hitz egiten ari naiz Londonetik Chicagora bidaiaz, ez Bilbotik Londonera). Hegazkina ordubeteko atzerapenez atera da, zergatik ez dakit. Barruan, 18 kanal dauzkazu aukeratzeko, aurre-aurrean duzun telebistatxo pertsonalean ikusteko. Gero, Ingalaterra, Kornualles eta Irlandako hegoaldea ikusi ditut leihatilatik, nahiko ondo. Gero itsasoa, siesta eta pelikula eta gero Ternua ikusi dut (Terranova), Quebec, Ontario, Lake Huron, Lake Superior, Michigan estatua, Lake Michigan eta Chicago. Por zierto, lurreratu baino lehen, hainbat buelta egin ditugu Chicago gainetik, baina ez Chicago "downtown"-etik (pena!).

J.J. (Garcia, ez Egilaz) egon da itxaroten, baita John Eustice, guri bisitan etorri zitzaiguna eta Chris ?, nobizio izatera doan bat, 37 urtekoa. Ekarri egin gaituzte amak ezagutzen duen "Provincial Center" delakora eta afaltzera joan gara. Han hainbat aurpegi berri (zahar) ikusi ditut eta asko gogoratzen ziren nitaz eta amaz. Monjak ere bisitatu ditugu, eta ama egon zaneko 5 monja egon dira, eta ederto gogoratzen zuten bera.

Eman digute honez gero automobila eta bihar bertan joango gara unibertsitatera matrikula formalizatzera. Orain hemen arratsaldeko 20:00 h dira, baina horko 03:00 h. O sea ke, nekatuta nago oso. Suposatzen dut telebista ikusiko dudala pixka bat eta ohera joango naizela. Eman goraintziak hortik!


Hortik aurrera, berriz, logurarekiko borroka etorri da eta erritmo pixka bat hartzea. Unibertsitatera nola joan ondo gogoratzen nuen eta gogoratzen ziren nitaz, bai irakasleak, baita "staff"ekoak ere. Matrikula eginda, esan beharra daukat Harry Potter-en azken liburuaren argitalpena gauerdi horretan izatekoa zela, eta bazter guztiak nahastuta agertzen ziren hori zela-eta. Hainbat ume eta ez hain ume ikusi ditugu Harry Potter-en liburuetako pertsonaien gisara, eta hurrengo egunean (atzo) liburudenda batera joanda, ilara luze bat zegoen liburua erosteko. Aldez aurretik erreserbatuta, noski... Zoramena!

Guk ez genuen erosi, itxaroten argitalpen merkeagoa laster batean aterako dela (deskontu guztiak kontuan hartuta, $22 inguru ateratzen zen), baina bai joan ginen "Fantastic 4" filmea ikustera. $6.5 bakoitzaren sarrera eta jarlekuak ez Euskal Herrian bezain erosoak, inondik ere. Alboan umetxo batzuk, pelikula ikusi baino, filmatzen ari zirela itxuran, hots-banda eta guzti. Baina gustura azkenean.

Gaur mezatara joan gara St. James parrokiara. Gimnasio batean egiten dute meza, parrokian (eta ez da txikia) ez direlako denak sartzen. Kalkuluak eginda, 600dik gora egon garela esango nuke.

Eta orain, hemen, Arlington Heights-eko liburutegi publikoan. 75.000 biztanleko Chicagoko "suburb" horietako bat izanik, ez dut uste halako liburutegi handirik topa genezakeenik Euskal Herri osoan. Interneteko sail honetan, 50 ordenagailu daude, esaterako. Eta igandea izan arren, dena dago zabalik, baita liburutegi hau ere... Ez dirudi oporrak hartzen dutenik...

Hurren arte.

P.S.: argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, jo http://www.flickr.com/photos/fray/sets/604616/ helbidera

2005/07/14

I am leaving!

Maletak betetzen nabil eta larregi ditudala eta zerekin bete gitxi konturatu naz, berandu baina. Egia esateko, ez dot euki gogo handirik, baina aldez aurretik prestatuta egonda, goiari eutsi behar. Goizeko 09:55tan hegaldatuko da nire hegazkina Londresera eta handik Chicagora, hango 15:45tan heltzeko (12 orduko bidaia izanda be, 5 ordukoa izan balitz moduan ibili behar!). Han egongo dira nire anaiak zain, "Provincial Center" delakora eroateko eta hurrengo eguna zelabait prestatzen hasteko. Argazkiren bat atara eta jarriko dot hemen, zelan topatzen badot, behintzat.