Gaur Chicago 'Downtown' (hirigunea) joan gara. Duela hiru urte, lehenik egon nintzenean, lanean ari ziren "Millenium Park" izenekoa eraikitzen. Gaur, Saint Viator Parrokian aparkatu ondoren, "EL" delakoa hartu dugu ('ELevated Train') eta erdialdera joan gara, 'Loop' ('Bihurgunea' ) izeneko ibilbidea egin, etxeorratz ikaragarrien artean, eta parke horretara heldu gara azkenean. Hitzik gabe geratu naiz. Lehenengo, bi zutabe handi, kristalezkoak-edo, ura dariela goiko aldetik eta aurpegi batzuen proiekzioak erakusten dituztela; ume piloa zebilen azpian goitik zetorren uretan bainua hartzen, edo dutxa -egun beroa izan da eta ondo zetorren freskura hori. Ondoan duzue irudi bat.

Gero, oinez ibili gara 'Magnificient Mile' izeneko pasealekutik barrena, erosketa batzuk egin eta 'EL' berriz hartuta, automobila utzi dugun lekura. Baina automobila hartzera joan garenean, ezusteko desatseginarekin egin dugu topo. Lanean ari ziren langile latino batzuk eta gure kotxeak oztopo egin izan die egun osoan zehar. Barkamena eskatu diegu haiei eta parrokiako viatortarrei eta etorri gara Arlington Heights-era. Bertan, eta eguna borobiltzeko, 'The Island' filma ikusi dugu zinean. Ez dakit Euskal Herrira heldu den, baina niri, behintzat, gustatu egin zait: 2020 urtean gizakiak klonatu egiten dira, 5 milioi dolar ordaindu eta gero. Eta klon bik ihes egiten dute. Esandakoa, gustatu egin zait. Bihar gehiago.

1 iruzkin:
lesa allt bloggid, nokkud gott
Argitaratu iruzkina