2006/02/27

How Brokeback Mountain has affected you (that's me)


Aspalditik plaza honetara etorri barik, azken hilabete honetan gogotik kendu ezin izan dudan filma honi buruzko komentario txiki bat egin nahi nuke. Bide batez, honez gero ikusteko "ausardia" izan ez duzuenoi, gizonezkoak batez ere, ikusteko bultzadatxo bat eman nahi nizueke. Chicago Tribune egunkarian irakurri berri dudan moduan, hainbat gizonezko bere burua mehatxupean edo kolokan ikusteko beldur omen dira, gizonezkook geure barruarekin eta geure sentimenduekin tratatzeko izaten ditugun zailtasunengatik. Hainbestek uste du bestek pentsatuko duela gay direla filma ikusten badute...

Beldur horiei buruz ari da filma. Eta maitatzeko orduan izaten ditugun beldurrez. Eta gizarteari eta zer-esango-ote-dutenari diogun beldurraz. Eta inongo filmetan lehenago esperimentatu ez dudan tristura hezur muineraino iristen zaizu. Baina, aldi berean, benetako maitasunaren indarra eta betikotasuna. Azkenean, Ennis-ek "Jack, I swear..." hitzak esaten dituenean, konturatu egiten zara maitasunaren aurrean, Jackengatik sentitu duen maitasun horren aurrean, hain zuzen ere, errenditu egiten dela eta bere biziari jite berria emateko prest dagoela.

Ennis Del Mar-en pertsonaia, Heath Ledger-ek maisuki jokatzen duena, benetan konplexua, harrigarria eta, batez ere, argigarria da. Imajinatu bere buruarekin, bere sakoneko izatearekin hitz egiteko modurik eman ez eta izan ez duen cowboy bat. Ez du bere burua ulertzen ez eta onartzen ere, eta ez du espero inork inoiz egingo duenik. Baina ez zegoen prest Jack-entzako. Jack-ek ulertu eta maite egin zuen baldintzarik eta aurreiritzirik gabe. Baina 20 urte luzetan ez du Ennis-ek inola ere onartuko beste inork ezer horretaz jakiterik. Bizi osoa alferrik galduta, baldintzapen sozialen karira...

Tragedia greko honek zerbait erakutsi badit, batetik, maitasunaren garrantzia izan da. Maite behar dugu eta maitatuak izan, gauza guztien gainetik. Eta benetako maitasunak ez duela egon behar gizartearen pentsamoldeen pean, bestela, akabo. Eta bestetik, eta leku nabarmenago batean, neure buruaz eta inguratzen nautenekin zintzoa izaten: egiazalea izan, oztopoak oztopo eta beldurrak beldur. Eta, azkenik, desberdin direnak onartzen, azken batez denok gara-eta desberdinak. Ezta?

Nire jokamoldea eredugarri jarri nahi gabe, esan egingo dut, hori bai, filma ikusi ondoren (hainbat aldiz, jatorrizko bertsioan: gaztelaniazkoa txapuza hutsa da) lankideekin, adiskideekin eta familiarekin zabalago hitz egiten hasi naizela, sakonago eta sentimenduak izkutatu gabe. Gainera, badakit ez naizela bakarra. Bi mila pertsonatik gora hirurogein milatik gorako komentarioak idatzi dituzte weborri honetan: http://davecullen.com/forum/index.php

Ingelesez dago (hori bai arazoa!), baina hainbat jenderen testigantzak ikus daitezke bertan eta bihotza zarratatu egiten dizuten horrelako asko aurki daitezke. Horixe duzue bigarren gomendioa. Besarkada bat guztioi.