2006/03/14

Dirua zuritzen Gotzainarekin

Domeka honetan Ricardo Blázquez izan zen parrokiako mezatan. Horren ostean Uxek, parrokoak eskatu zigun Pedro Luis Arias-i eta niri laguntzeko automobila zuen tokiraino. Probetxatu egin genuen "dirua zuritzen" gonbidatzeko. Hori zer den? Bada, dirua eman eta zuria edo zuritoa hartzea...

Eta hurretik, Ricardo pertsona ona eta hurbila dela erakutsi zigun, humanoa.

Baina, eta hortxe dago gakoa, erakundeak eta karguak guztiz baldintzatzen ditu pertsonak eta aldatu arazi. Hartara, gezurra dirudi solasean ibili ginen pertsona goxo horrek berak halako jarrera zurrunak eta estuak erakustea bere langintzan ari den hainbestetan. Nik uste, merezi du bere ingurura gerturatzea eta zabal-zabal hitz egitea nahi denaz. Nik, besteak beste, hika jardun nion...

2006/03/05

Bilera Gotzainarekin

Ricardo Blázquez da Bilboko Elizbarrutian egokitu zaigun Apezpikua. Eta egokitu diot politikoki zuzena izate aldera. Izan ere, gero eta zailagoa egiten zait ulertzea (aspalditik ez dut onartzen) nolatan funtzionatu dezakegun modu nardagarri honetan. Esan dezadan, pertsona bezala ez dudala ezer Ricardoren kontra; aitzitik, hurbiletik pertsona maitagarria deritzot eta errespetatu egiten dut; baita mirestu ere izan dituen zenbait arazoren aurrean erantzuten jakin izan duelako (ez nik gustuko dudan moduan erantzun duelako prezisamente, baina tira...).

Baina natorren harira: Zer alkarte mota da hau, pertsona bat kide guztien buru jartzen duenean, kideetako bakar baten partaidetzarik gabe egiten duena? Eta bertako buru izateko, kanpoko norbait ekarri behar duena? Eta inongo emakumerik aginte postuetan onartzen ez duena? Eta modu demokratikoak behin eta berriro zokoratzen dituena? Boterearekin halako harreman lizuna duena, Jesus Jauna horretatik hain urrun egon zenean? Sexualitatea pertsonala kontrolpean mantentzeko erabiltzen duena? Eta hainbat eta hainbat galdera... Eta hala ere, alkarte horren bitartez iritsi zait (eta zaigu askori) Fedearen dohaia, nire (eta gutako askoren) zorion iturri etengabea... Horrexegatik ez dut irten nahi Elizatik, oso-oso nirea den zerbait delako. Ateratzekotan, atera daitezela haiek!

Kontua da aste honetan izan genuela Ricardorekin bilera, bisita pastorala egin behar baitu gure ingurura (Sestao) datozen asteotan. Nahi nuke berarekin bazkaldu eta blog honetan egin ditudan galdera horietako batzuk berari egin, ea oraingoan erantzuten didan; eta ez Cuatro telebista katean Gabilondok egin zizkion galdera labainei erantzun zien moduan, ez erantzunez, azken batez. Horretarako aukera badut, segituko dut hemen informatzen.