2006/11/16

El País-ekoekin berbetan

Gaur goizean zita geneukan Loli Puente, Mariaren Lagundiko monja eta nire adiskide handiak eta biok Bilbon. Norekin? El País Semanal gehigarriko bi kazetarik elkarrizketatu nahi gintuzten, abenduan atera nahi duten "beste" Elizari buruzko erreportairako. Abando hoteleko lobbyan izan gara, majo asko eserita, ia pare bat ordu berba eta berba.

Hainbat jenderekin egonak ziren Salamancan, Burgosen, Palencian, orain Bilbon, bihartik Bartzelonan eta hurrengo egunetan Andaluzian. 12 bat orrialde izango direla esan digute eta seguru nago ezin izango dutela sartu esandakoaren laurdena ere. Baina interesgarria izango delakoan nago.

Jesús Rodríguez (nire osabaren izen-deitura berberak!) zen kazetari nagusia, galderak egiten zituena. Eta interes handia zeukan Elizaren ahots ez ofizialaz, hierarkiarenak ez diren ahots anitzak entzuteko. Oso El País-en harian, jakina.

Gure erantzunak sendoak eta, aldi berean, neurrizkoak izan dira. Ez gara sentitzen gerra baten bezala hierarkiako gure anaiekin (arrebarik ez, oraingoz), eta ez gaude. Baina ona da askok pentsatzen duguna entzuna izatea; horrek ez du ezer apurtzen, are gutxiago komunioa. Komunioa zerbaitek hausten badu dena uniformetu beharra da. Aniztasuna gauza guztietan eta Eliza barruan, batez ere, kontu on gisa ikusten ikasi behar dugu (neure buruari esaten diot hau batik bat).

Argazkiak ere atera dizkigute, baina ez dut uste denak sartzeko modurik izango dutenik. Postura egiten dizuet Loli baietz agertu eta ni ez...

Mahai-ingurua berriz

Aurreko post-ean aipatzen nuen mahai-inguru hori hirugarrenez atzeratu behar izan dugu, abenduaren 12rako utziz, arratsaldeko 7:30etan, Biltzar Nagusien egoitzan, Bilbon, Mazarredoren Zumardian. Eta, zoritxarrez, arrazoia ez da berria: komunioa nola ulertzen den Elizaren hainbat inguru desberdinetan esateak susmoak, beldurrak eta ausardia-faltak sortzen omen ditu. Batak esango du "ez da komenigarria orain", besteak esango du "antolatzaileak ez dira fidagarriak", beste batek, berriz, "nik ez dut neure burua horretarako gai ikusten" (nahiz hainbat titulu eta teologia eduki...).

Azkenean, ahal ditugunekin antolatuko dugu eta nahi dutenak baino ez dira joango, beti bezala. Baina ondo tristea da halako gauza xinple baterako honelako zailtasun handiekin topo egitea.

2006/07/04

Erroman nabil, itzultzaile

Frai Guadiana berriz agertzen da orri honetan! Izenburuan agertzen den bezala, Erromara etorri naiz nire Komunitatearen I Batzar Nagusian itzultzaile lanak betetzera. Munduan komunitateak dauzkagun leku guztietako 41 pertsona etorri dira Ariccia herri honetako "Divin Maestro" etxe eder honetara, uztailaren 1etik 8ra, komunitate viatortarraren izaeraz eta egituraz eztabaidatzeko. Hiru hizkuntza ofizial (gaztelania, frantsesa eta ingelesa) eta zuen zerbitzari honek hirurak, zelabait, erabiltzeko gai denez, hona ekarri dute "traduttore, tradittore" ekuazioa betetzera (Itzultzailea, traidorea).

Egia esan behar badut, ia zoratu egin nintzen lehen egunean, hiru hizkuntzetatik beste bietara itzulpenak egin behar nituenean, baina Jainkoari eskerrak, lortzen ari naiz moldatzea nola edo hala, hemengo jendearen errukiari eskerrak, besteak beste.

Etxe hau inguru zoragarri baten erdian dago, aspaldiko sumendi baten kraterraren ertz-ertzean, Erromatik 30 Km.ra, hegoalderantz eta, beraz, itsasoz gainetik 450 bat metrora. Horrek eragiten du bero egun batean 7º-8ºC aldea egotea Erroma eta Aricciaren artean. Gauez mantarekin lo egin behar! Hemendik laku eder bat ikusten da, kraterraren fondoa hartzen duena: Lago Albano. Argazkiek zerbait adierazten dute.


Inguru osoa gaztainondoz inguratuta dago eta ez dirudi, inondik inora ere, leku mediterraniar batean gaudenik. Erromatar hauek bazekiten nora etorri uda pasatzera... Izatez, krateraren ertzaren beste inguru batean Castelgandolfo dago, Papak uda pasatzen duen lekua. Egia esateko, ez da harritzekoa hona etortzea, Erromako beroa itogarria izan baitaiteke (egunotan 35-36º inguru ibili dira maximoak).

Bale ba. Hauxe da dena oraingoz. Gaur, July 4th izanik, amerikarrek gonbidatu egin gaituzte "apero" (aperitiboa italieraz) bat hartzen eta horrexetara noa. Ondo ibili!

2006/03/14

Dirua zuritzen Gotzainarekin

Domeka honetan Ricardo Blázquez izan zen parrokiako mezatan. Horren ostean Uxek, parrokoak eskatu zigun Pedro Luis Arias-i eta niri laguntzeko automobila zuen tokiraino. Probetxatu egin genuen "dirua zuritzen" gonbidatzeko. Hori zer den? Bada, dirua eman eta zuria edo zuritoa hartzea...

Eta hurretik, Ricardo pertsona ona eta hurbila dela erakutsi zigun, humanoa.

Baina, eta hortxe dago gakoa, erakundeak eta karguak guztiz baldintzatzen ditu pertsonak eta aldatu arazi. Hartara, gezurra dirudi solasean ibili ginen pertsona goxo horrek berak halako jarrera zurrunak eta estuak erakustea bere langintzan ari den hainbestetan. Nik uste, merezi du bere ingurura gerturatzea eta zabal-zabal hitz egitea nahi denaz. Nik, besteak beste, hika jardun nion...

2006/03/05

Bilera Gotzainarekin

Ricardo Blázquez da Bilboko Elizbarrutian egokitu zaigun Apezpikua. Eta egokitu diot politikoki zuzena izate aldera. Izan ere, gero eta zailagoa egiten zait ulertzea (aspalditik ez dut onartzen) nolatan funtzionatu dezakegun modu nardagarri honetan. Esan dezadan, pertsona bezala ez dudala ezer Ricardoren kontra; aitzitik, hurbiletik pertsona maitagarria deritzot eta errespetatu egiten dut; baita mirestu ere izan dituen zenbait arazoren aurrean erantzuten jakin izan duelako (ez nik gustuko dudan moduan erantzun duelako prezisamente, baina tira...).

Baina natorren harira: Zer alkarte mota da hau, pertsona bat kide guztien buru jartzen duenean, kideetako bakar baten partaidetzarik gabe egiten duena? Eta bertako buru izateko, kanpoko norbait ekarri behar duena? Eta inongo emakumerik aginte postuetan onartzen ez duena? Eta modu demokratikoak behin eta berriro zokoratzen dituena? Boterearekin halako harreman lizuna duena, Jesus Jauna horretatik hain urrun egon zenean? Sexualitatea pertsonala kontrolpean mantentzeko erabiltzen duena? Eta hainbat eta hainbat galdera... Eta hala ere, alkarte horren bitartez iritsi zait (eta zaigu askori) Fedearen dohaia, nire (eta gutako askoren) zorion iturri etengabea... Horrexegatik ez dut irten nahi Elizatik, oso-oso nirea den zerbait delako. Ateratzekotan, atera daitezela haiek!

Kontua da aste honetan izan genuela Ricardorekin bilera, bisita pastorala egin behar baitu gure ingurura (Sestao) datozen asteotan. Nahi nuke berarekin bazkaldu eta blog honetan egin ditudan galdera horietako batzuk berari egin, ea oraingoan erantzuten didan; eta ez Cuatro telebista katean Gabilondok egin zizkion galdera labainei erantzun zien moduan, ez erantzunez, azken batez. Horretarako aukera badut, segituko dut hemen informatzen.

2006/02/27

How Brokeback Mountain has affected you (that's me)


Aspalditik plaza honetara etorri barik, azken hilabete honetan gogotik kendu ezin izan dudan filma honi buruzko komentario txiki bat egin nahi nuke. Bide batez, honez gero ikusteko "ausardia" izan ez duzuenoi, gizonezkoak batez ere, ikusteko bultzadatxo bat eman nahi nizueke. Chicago Tribune egunkarian irakurri berri dudan moduan, hainbat gizonezko bere burua mehatxupean edo kolokan ikusteko beldur omen dira, gizonezkook geure barruarekin eta geure sentimenduekin tratatzeko izaten ditugun zailtasunengatik. Hainbestek uste du bestek pentsatuko duela gay direla filma ikusten badute...

Beldur horiei buruz ari da filma. Eta maitatzeko orduan izaten ditugun beldurrez. Eta gizarteari eta zer-esango-ote-dutenari diogun beldurraz. Eta inongo filmetan lehenago esperimentatu ez dudan tristura hezur muineraino iristen zaizu. Baina, aldi berean, benetako maitasunaren indarra eta betikotasuna. Azkenean, Ennis-ek "Jack, I swear..." hitzak esaten dituenean, konturatu egiten zara maitasunaren aurrean, Jackengatik sentitu duen maitasun horren aurrean, hain zuzen ere, errenditu egiten dela eta bere biziari jite berria emateko prest dagoela.

Ennis Del Mar-en pertsonaia, Heath Ledger-ek maisuki jokatzen duena, benetan konplexua, harrigarria eta, batez ere, argigarria da. Imajinatu bere buruarekin, bere sakoneko izatearekin hitz egiteko modurik eman ez eta izan ez duen cowboy bat. Ez du bere burua ulertzen ez eta onartzen ere, eta ez du espero inork inoiz egingo duenik. Baina ez zegoen prest Jack-entzako. Jack-ek ulertu eta maite egin zuen baldintzarik eta aurreiritzirik gabe. Baina 20 urte luzetan ez du Ennis-ek inola ere onartuko beste inork ezer horretaz jakiterik. Bizi osoa alferrik galduta, baldintzapen sozialen karira...

Tragedia greko honek zerbait erakutsi badit, batetik, maitasunaren garrantzia izan da. Maite behar dugu eta maitatuak izan, gauza guztien gainetik. Eta benetako maitasunak ez duela egon behar gizartearen pentsamoldeen pean, bestela, akabo. Eta bestetik, eta leku nabarmenago batean, neure buruaz eta inguratzen nautenekin zintzoa izaten: egiazalea izan, oztopoak oztopo eta beldurrak beldur. Eta, azkenik, desberdin direnak onartzen, azken batez denok gara-eta desberdinak. Ezta?

Nire jokamoldea eredugarri jarri nahi gabe, esan egingo dut, hori bai, filma ikusi ondoren (hainbat aldiz, jatorrizko bertsioan: gaztelaniazkoa txapuza hutsa da) lankideekin, adiskideekin eta familiarekin zabalago hitz egiten hasi naizela, sakonago eta sentimenduak izkutatu gabe. Gainera, badakit ez naizela bakarra. Bi mila pertsonatik gora hirurogein milatik gorako komentarioak idatzi dituzte weborri honetan: http://davecullen.com/forum/index.php

Ingelesez dago (hori bai arazoa!), baina hainbat jenderen testigantzak ikus daitezke bertan eta bihotza zarratatu egiten dizuten horrelako asko aurki daitezke. Horixe duzue bigarren gomendioa. Besarkada bat guztioi.