2005/09/04

Bye USA, Ciao Roma!

Tarte handiegia azken alditik, ezta? Aldi honetan metatu dudan nekeak badu zerikusirik. Familia eta lagunak Chicagora etorri zirenetik, 4.400 Kilometrotan barrena ibili gara AEBn, 11 Estatutatik pasatu eta 24 'Deli'-tan jan. Ez dakit zenbat milioka arbola ikusiko genituen, baina gehiegi bai, bai horixe. Niagara Falls, Boston, New York, Philadelphia, Baltimore, Washington eta Indianapolis hiriak. Illinois, Indiana, Ohio, New York, Massachussets, New Hampshire, New Jersey, Maryland, Washington D.C., Virginia, West Virginia estatuak. Interesgarria, bai, baina gehien errepikatu dudan adierazpena WORN OUT izan da.

Eta handik Erromara. Bertan nago orain. Chicagoko bero heze likitsetik, Erromako bero heze likitsera. Eskerrak aire girotua asmatu zen! Betiereko hiria bisitatu nuen etorri eta hurrengo egunean, oraindik ez genuelako hasi behar lanean. Ondo ezagunak nituen inguruetatik ibili nintzen, Colosseo, Foro Romano, Teatro Marcello, Foro Boario, Circo Massimo... Hiri honek hunkitu egiten nau. Hemengo monumenturik kaxkarrenak barruak eragiten dizkit, AEBn ikusi ditudan miragarri guztiek baino sakonago. Argi dauzkat gustuak. Hona etengabe etorriko nintzateke eta inoiz ez nintzateke aspertuko. AEBn, ordea, aspertu egin naiz batzuetan (2. aldia izanda). Gaur ere, zapatua, hemengo lanak amaitua, Colosseo ingurura hurbildu naiz, Elton John-en kontzertua baitzegoen. Ikusi ez dut ikusi, baina entzun bai eta ondo gainera; fondoan banuen Colosseoa kontzertuko argi jokuekin edertuta eta primeran eserita egon naiz... Ezin gehiago eskatu.

Eta hemen aldibereko itzulpen lanak dira nire ardura nagusia. Ingelesetik gaztelaniara eta gaztelaniatik frantsesera. Batzuetan -gutxi- frantsesetik gaztelaniara eta gaztelaniatik ingelesera. Nahiko 'induljenteak' dira nire lanarekin, baina moldatu egiten naiz, nola edo hala. Kexatu ere ez dira kexatzen. Seinale ona.

Bihar, domeka, Ostia Antica bisitatzeko asmoa daukagu. Eta, akaso, arratsaldean Tivoli (Tiburi) aldera joango gara, pixka bat fresko egotera. Kontatuko dizuet (espero dut).