2005/07/28

Let's keep it!


Bizia aurrera doa hemen, kontatzeko gauza handirik ez badago ere. Txintxo-txintxo bagoaz klasera egunero, goizeko 7:30tan irtenda, 8:30tan hasten baitira klaseak. 40 minutu inguru izaten da bidaia. Gaur, zenbait kidek bere azken klaseak hartu ditu, beraz, zenbait argazki egin ditugu eta elkarri eman helbideak eta abar. Orain klasera joan behar dut. Jarraituko dut geroago.

Geroago hori hurrengo eguna da, barikua. Amaitu ditugu aste honetako klaseak eta gurekin izan diren ikasle batzuk doazenez, argazkiak atera dizkigute. Hemen ondoan doa nire klasekoen irudia. Gizon lodikote hori (ni ez naizena) poloniarra da, baina 14 urtez egon da bizitzen Chicagon. Entzun beharko zeniokete hitz egiten! 'Broken English' deitzen diote berba egiteko modu horri.

Atzo ezagutu nuen Belizeko lehen viatortarra izatera doana (nire urtebetetze egunean, abuztuaren 6an, botoak egingo ditu Belizen bertan), Moises Mesh. Maia alde guztietatik, hitz egiten erakutsi ez bazioten ere. Irakaslea da eta nobiziadoa egiten egon da hemen, Milwakee-n (Chicagotik iparraldera). Tipo jatorra iruditu zait. Bere lehen hizkuntza gaztelania delakoan nago. Ingelesa bere bigarrena. Eta kreole hirugarrena (maia, zoritxarrez, ezin da sartu zerrenda honetan). Biok batera joan ginen antzerki musikala ikustera hemengo parrokiara : "The King and I". Seguru aski gogoratuko duzue Yul Briner ospetsuak errege asiarraren papera hartzen zuen filme hura. Ba, parrokiako jendeak, orkestra eta guzti, azken 36 urteotan prestatu ditu era honetako antzerki musikalak. Oso luzea izan zen (3 ordu inguru), baina gustura ikusteko modukoa.

Asteburu honetan badut asmoa "Venetian Night' izeneko su artifizialetara joateko. Larunbat gauean izango dira eta, aldatu ez badira hiru urtetik hona, benetan merezi du: lakuaren inguruan eta musikarekin batera, espektakulu ikusgarria izaten da. Eta igandean, ea ikusten dudan musikako 'show'ren bat, badaude-eta ikustoki ireki piloa, sarreran hitz magikoa dutela: 'FREE'.

Kontauko deutsuet.

iruzkinik ez: