2006/11/16

El País-ekoekin berbetan

Gaur goizean zita geneukan Loli Puente, Mariaren Lagundiko monja eta nire adiskide handiak eta biok Bilbon. Norekin? El País Semanal gehigarriko bi kazetarik elkarrizketatu nahi gintuzten, abenduan atera nahi duten "beste" Elizari buruzko erreportairako. Abando hoteleko lobbyan izan gara, majo asko eserita, ia pare bat ordu berba eta berba.

Hainbat jenderekin egonak ziren Salamancan, Burgosen, Palencian, orain Bilbon, bihartik Bartzelonan eta hurrengo egunetan Andaluzian. 12 bat orrialde izango direla esan digute eta seguru nago ezin izango dutela sartu esandakoaren laurdena ere. Baina interesgarria izango delakoan nago.

Jesús Rodríguez (nire osabaren izen-deitura berberak!) zen kazetari nagusia, galderak egiten zituena. Eta interes handia zeukan Elizaren ahots ez ofizialaz, hierarkiarenak ez diren ahots anitzak entzuteko. Oso El País-en harian, jakina.

Gure erantzunak sendoak eta, aldi berean, neurrizkoak izan dira. Ez gara sentitzen gerra baten bezala hierarkiako gure anaiekin (arrebarik ez, oraingoz), eta ez gaude. Baina ona da askok pentsatzen duguna entzuna izatea; horrek ez du ezer apurtzen, are gutxiago komunioa. Komunioa zerbaitek hausten badu dena uniformetu beharra da. Aniztasuna gauza guztietan eta Eliza barruan, batez ere, kontu on gisa ikusten ikasi behar dugu (neure buruari esaten diot hau batik bat).

Argazkiak ere atera dizkigute, baina ez dut uste denak sartzeko modurik izango dutenik. Postura egiten dizuet Loli baietz agertu eta ni ez...

Mahai-ingurua berriz

Aurreko post-ean aipatzen nuen mahai-inguru hori hirugarrenez atzeratu behar izan dugu, abenduaren 12rako utziz, arratsaldeko 7:30etan, Biltzar Nagusien egoitzan, Bilbon, Mazarredoren Zumardian. Eta, zoritxarrez, arrazoia ez da berria: komunioa nola ulertzen den Elizaren hainbat inguru desberdinetan esateak susmoak, beldurrak eta ausardia-faltak sortzen omen ditu. Batak esango du "ez da komenigarria orain", besteak esango du "antolatzaileak ez dira fidagarriak", beste batek, berriz, "nik ez dut neure burua horretarako gai ikusten" (nahiz hainbat titulu eta teologia eduki...).

Azkenean, ahal ditugunekin antolatuko dugu eta nahi dutenak baino ez dira joango, beti bezala. Baina ondo tristea da halako gauza xinple baterako honelako zailtasun handiekin topo egitea.