2007/03/29

Fedea ala Erlijioa? (III)

Eta Jon Sobrinorena? Badakizue duela gutxi 'ohar' bat kaleratu dutela Erroman -urtetan ibili dira itxaroten ateratzeko, auskalo zer helbururekin- haren teologia zalantzan jartzen eta zenbait puntutan 'arriskutsutzat' jotzen. Orain artean ez dira sartu El Salvadorreko martiria izan zitekeen euskal hiritar honen kontra, ez direlako ausartu, gogo faltan ez baitira ibili, hori ez. Monseñor Romero ere bide beretsutik aritu zen, Ellakuria eta hildako besteak bezala. Eta zein bide zen hori? Bada, oso pertsona erlijiotsuak izanik, beren fedearen eskariari men egin zioten eta komenientzia eta erakunde gehienen kontra jarrita, pobreen aldeko aldarria egin zuten. Tristeena, kasu honetan, erlijio-erakunde eta pertsonen kontra jardun behar izana da, pobreen aldeko hautua eginda. Nire uste apalean, beren jokaeraren arrazoia eman beharko luketenak ez dira santu hauek, haien kontra Erromako kuriako bulegoetatik etengabe ari diren beste horiek baizik.

Kontu hori dela-eta, Euskal Herrian sinadura bilketa antolatu da Elizbarrutietako Misioetako arduradun batzuen ekimenez, besteak beste, zeren hainbat ekimen antzeko izan baitira han-hemenka. Bizkaiko misioetako pertsona batzuen bitartez jakin nuen Miguel Asurmendi, Gasteizko gotzaia eta Euskal Misioetako arduraduna, haserre jardun zela ekimenaren sortzaileen kontra, horrelako zerbait denon artean hitz egin beharrekoa zela martxan jarri aurretik, eta orduan bakarrik erabaki zitekeela egitea ala ez... Arranopola!! Jon Sobrinori egin diotena egin aurretik galdetu ote zieten/ziguten ala? Guk denon ahotsa entzuteko ahalegina egin behar dugu, baina haiek bati ere kasurik egin gabe sudur puntatik ateratzen zaiena esateko eskubidea omen dute...

Eta txarrena, horrelakoak esaten dituztenean beren intentziorik onenarekin egiten dutela, pentsatu ere egin gabe burutzen ari diren injustiziaz. Zeren horrelakoak egiten dituztenak konbentzituta nago pertsona jatorrak direla orokorrean, bere bizia besteen alde emateko prest egon izan direnak inoiz. Baina erlijioaren gurpil zentzugabean sartzen direnean, erakundearen defentsa egiteari eskaintzen dizkiote bere onenak, jatorrizko konpromisoaren sustraia ahaztuz.

Sarri esan izan dut Opus-eko edo Comunión y Liberación edo Camino Neocatecumenal-eko kideak, funtsean, pertsona onak direla. Baina kasu askotan beren erakundeari dioten atxikimendua ez datorrela Fedetik, Beldurretik baizik. Eta gauza bera gerta liteke eta gertatzen da horrelako mugimenduetan sartu gabe ere, Elizbarrutiko kide arrunta izanik, ala obispo.

Beraz, gonbite bat: galde diezaiogun geure buruari ea zerk garamatzan Eliza edo era horretako erakundeak modu itsuan defendatzera: Ebanjelioak barruan jartzen digun pozak ala ezezagunak edo gurea bezalakoa ez denak ('mundua', erlijio-gabezia, etorkizuna...) ematen digun beldurrak?


(gero beretik)

2007/03/26

Fedea ala Erlijioa? (II)

Gaurko ebanjelioa (Jn 8, 1-11) irakurtzean, ni ote bakarra pentsatzen Jesusen ardura eta nirea artikuluotan bat bera direla? Adulterioan harrapatutako emakumea (emakumea baino ez zuten harrapatu?) dakarkiote Jesusi eta berak esaldi famatu horrekin erantzun die: "Zuetan bekaturik gabea denak bota diezaiola lehen harria". Eta orduko erlijio-gizonek, zaharrenengandik hasita, handik alde egin zuten, poliki-poliki...

Erlijio-gizon horiek beren Erlijioak irakatsitakoari jarraitu zioten, besterik ez. Adulterioan harrapatutakoak harrikatuta hil behar zuen, Moisesen Legeak zioenaren arabera. Baina, berez, bikotean biktima izan zitekeena babesteko asmatu zen legea (gutxi gorabehera, jakina; garai haiek majo gogorragoak ziren oraingoak baino) oso bestelako zereginetarako erabiltzen dute kasu honetan.

Izan ere, bere burua definitzeko erlijioa ezinbestekotzat duenak badu arrisku bat, haietako askorentzat gaindiezina: ona sentitzeko beharra. Arriskua, bai. Zeren nork bere burua ona dela sentitzeko, maiz sentitu behar du beste batzuk gaiztoak direla, okerrak, gure amak esango lukeen moduan. Eta adulteriogilearen pasarte honetan horixe bera gertatzen da: irainduta, laidotuta sentitzen ziren erlijio-gizon haiek zeren, zenbat eta handiagoa beren sentimendu hori, orduan eta zabalagoa emakume galdu, iruzurgile eta oker harengandik banatuko lituzkeen tartea. Zenbat eta emakumea gaiztoagoa, hainbat eta haiek zuzenagoak, santuagoak eta hobeak.

Eta baztertze-dinamika hori oso bizi eta presente ikusten dut gaur egun erlijioan. Aurrekoan nioen bezala, desberdin dena, libre pentsatzen duena, lege-arauei besterik gabe egokitzen ez dena baztertua da, gupidarik gabe kasu gehienetan. Eta, aldiz, sisteman buru-belarri sartzen denak berehala ikusten du bere jarrerak baduela saria. Batez ere, automatikoki bihurtzen delako "onen" taldeko, "gaizto" horien askoz gainetik dabilena, zuzen-zuzen, zerura arte. Adibide zehatzak eman nitzake, Bizkaiko elizbarrutian gertaturikoak, eta badakit beste elizbarruti batzuetan are gehiago gertatzen direla horrelakoak. Ez da hori nire asmoa. Ez dut inor salatu nahi, baina bai pentsatu arazi eta hau irakurtzen duzuenok erabakitzea ea emakume adulteriogilearekin ala ekarri zutenekin ote zaudeten.

Jesusek emakumearekiko Fedea erakutsi zuen; emakumea zekartenak, berriz, Erlijioaren izenean etorri ziren. Ez esan arduratzeko arrazoirik ez dagoela...

(gero beretik)

2007/03/22

Fedea ala Erlijioa?

Aspalditik agertu gabe egonik, inoren lotsa baino, norberarena sentitzen dut sakon, egia esan. Baina esan nahi dudana aspaldion daukat hor, bor-borrean, nonbaitetik atera nahian. Lagunekin berba eginda nago honetaz; bada ordua zerbait zabalagoa egiteko. Horratx.

Izenburuak laburbiltzen du ondo kontuaren muina non dagoen: Fedea ala Erlijioa? Lehenari, Fedeari begiratuz gero, neure eta askoren biziaren bizkarrezurra datorkit gogora: bizipoza, zentzua, askatasuna, maitasuna, heldutasuna, sendotasuna, zoriona... Hitz horiek eta horren tankerakoak datozkit arrapaladan.

Eta erlijioa? Ai, ama! Montajea, beldurra, botere nahia, manipulazioa, zapalkuntza, errepresioa, adin gabetasuna, mailak, sexismoa, iluntasuna... Baina baita elkartea, fedearen transmisioa, ekumenismoa, misioak, anai-arrebak... Oso nahastuta dauzkat hemen sentimenduak, baina argi dago lehen saileko hitzak gehiago eta azpimarratuago agertzen zaizkidala.

Baten batek esan lezake Fedea eta Erlijioa gauza bat bera direla. Ez niretzat. Munduan erlijio/fedea binomioarekin lotuta dauden gatazketan garbi ikus daiteke muturrekoenek oso asmo erlijioso irmo, sendo eta indartsuak dituztela (Ben Laden, Bush edo Talibanei erreparatu besterik ez dago), baina horrek ez ditu fededunago bihurtzen nire iritzian. Benetan fededuna denak (eta berdin dio konfesioa, kasu honetan) ez du besteen federen beldurrik. Zeren ez du Beldurrik (maiuskularekin). Fedea eta Beldurra antonimoak dira. Ostera, oso-oso erlijiosotzat agertzen direnetako askok eta askok fede-faltak eragiten dien zama arintzen dute horrela. Beldurrez bizi dira, batez ere desberdin direnen beldurrez: beste erlijio batekoak, nire konfesiokoak izan baina oso ezkertiar edo eskuindar direnak, etorkinak, homosexualak, emakumeak, laikoak, obispoak, apaizak, Opusekoak, Kristau Sareakoak...

Beraz, nire uste apalean, Gora Fedea! Eta erlijioan, utzi diezaiogun hiltzera doanari hiltzen eta berri jaioko denari bide eman.

(Gero beretik)