2007/03/26

Fedea ala Erlijioa? (II)

Gaurko ebanjelioa (Jn 8, 1-11) irakurtzean, ni ote bakarra pentsatzen Jesusen ardura eta nirea artikuluotan bat bera direla? Adulterioan harrapatutako emakumea (emakumea baino ez zuten harrapatu?) dakarkiote Jesusi eta berak esaldi famatu horrekin erantzun die: "Zuetan bekaturik gabea denak bota diezaiola lehen harria". Eta orduko erlijio-gizonek, zaharrenengandik hasita, handik alde egin zuten, poliki-poliki...

Erlijio-gizon horiek beren Erlijioak irakatsitakoari jarraitu zioten, besterik ez. Adulterioan harrapatutakoak harrikatuta hil behar zuen, Moisesen Legeak zioenaren arabera. Baina, berez, bikotean biktima izan zitekeena babesteko asmatu zen legea (gutxi gorabehera, jakina; garai haiek majo gogorragoak ziren oraingoak baino) oso bestelako zereginetarako erabiltzen dute kasu honetan.

Izan ere, bere burua definitzeko erlijioa ezinbestekotzat duenak badu arrisku bat, haietako askorentzat gaindiezina: ona sentitzeko beharra. Arriskua, bai. Zeren nork bere burua ona dela sentitzeko, maiz sentitu behar du beste batzuk gaiztoak direla, okerrak, gure amak esango lukeen moduan. Eta adulteriogilearen pasarte honetan horixe bera gertatzen da: irainduta, laidotuta sentitzen ziren erlijio-gizon haiek zeren, zenbat eta handiagoa beren sentimendu hori, orduan eta zabalagoa emakume galdu, iruzurgile eta oker harengandik banatuko lituzkeen tartea. Zenbat eta emakumea gaiztoagoa, hainbat eta haiek zuzenagoak, santuagoak eta hobeak.

Eta baztertze-dinamika hori oso bizi eta presente ikusten dut gaur egun erlijioan. Aurrekoan nioen bezala, desberdin dena, libre pentsatzen duena, lege-arauei besterik gabe egokitzen ez dena baztertua da, gupidarik gabe kasu gehienetan. Eta, aldiz, sisteman buru-belarri sartzen denak berehala ikusten du bere jarrerak baduela saria. Batez ere, automatikoki bihurtzen delako "onen" taldeko, "gaizto" horien askoz gainetik dabilena, zuzen-zuzen, zerura arte. Adibide zehatzak eman nitzake, Bizkaiko elizbarrutian gertaturikoak, eta badakit beste elizbarruti batzuetan are gehiago gertatzen direla horrelakoak. Ez da hori nire asmoa. Ez dut inor salatu nahi, baina bai pentsatu arazi eta hau irakurtzen duzuenok erabakitzea ea emakume adulteriogilearekin ala ekarri zutenekin ote zaudeten.

Jesusek emakumearekiko Fedea erakutsi zuen; emakumea zekartenak, berriz, Erlijioaren izenean etorri ziren. Ez esan arduratzeko arrazoirik ez dagoela...

(gero beretik)

3 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Kaixo, Koldo:
Eskerrik asko hire pentsakera eta igandeko ebanjelioari buruz idatzi duzun artikuloarekin.
Adoz nago... eta nere buruari galdetzen diot ez den beharrekoa izango ni ere adulterioan erortzea Jesusen harrera eta bere bihotzaren taupadak nere masailan sentitzeko gai izan nadin...
Besarkada bero bat.
Goio

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Epa Koldo:
Fedea ala Erlijioa? Eskerrak,haize freskoa sartu duzula.....Eutsi tinko.
ITXAROPENEAN ERNE
ETA FEDE-BIDEAN LEIAL!
Besarkada haundi bat Arrasatetik
Garbiñe.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Kaixo Koldo,
Ni ere Sestakoa naiz eta gustura irakurri dur zure komentarioa.
Nire aldetik zorionik beroenak eta horrela segi.
Iñaki L.