2007/04/10

Fedea ala Erlijioa? (eta IV)


Gaurko irakurgaia (hemen irakur dezakezu osorik: Jn 20, 11-18) oso garrantzitsua izan da nire bizian. Maria Magdalakoa negarrez ari da hilobian eta bere saminak ez dio besterik ikusten uzten. Horregatik, aurrean duen pertsona lorazaina baino ez dela uste du. Eta akaso lorazaina izango zen, baina bere izena "Maria!" haren ezpainetatik entzuten duenean, Jesus Biziaren presentzia antzematen du harengan eta ezer ez da berdin izango hortik aurrera. Ez beretzat, ez inguruko lagunentzat, ezta guretzat ere, 2000 urte ondoren etorri garenontzat.

Maria Magdalakoa "apostola apostolorum" deitua izan da tradiziorik zaharrenean. Ebanjelio guzti-guztiek aitortzen dute Jesus Berpiztuaren lehen lekukotzat. Emakume bat. EMAKUME BAT. Beraz, nondik eta nora, gaur egun, Jesusen jarraitzaileon artean emakumearen kontrako jazarpen hori? Zeren, jaun-andreok, ez dezagun geure burua engaina: emakumea Elizan zapalduta dago eta gizonon azpiko maila batean. Eta hori bai ez dagoela ezkontzerik Ebanjelioarekin.

Izan ere, Ebanjelioetako pasarte horietatik tiraka, gaur egun Elizaren buru espirituala emakume batek izan behar luke, ez gizona (nik ez dut hori sinesten, ez dudalako uste Jesusen kontua denik bereizketak egitea sexuaren arabera: hori guztiz gurea da, sakratutik ezer ez duena eta bekatutik asko). Baina ez joan horrelako ideiekin gure "artzainengana" (Gotzaiak, apaizak, laiko liberatuak eta Elizaren aparatuaren pentzutik bizi direnengana), herejetzat hartuko baitzaituzte sarri. Sistema erlijiosoaren kontra-kontrakoa da ideia hori; ez fedearen kontrakoa, baina. Txiringitoa arriskuan jarriko zenuke, hipokrisia salatuz gero.

Zeren hierarkiari (eta ez bakarrik gotzainei) kontu "pelbikoak" baino ez omen zaizkio interesatzen (ingelesez irakurri ahal baduzu, hona esteka ikaragarri interesgarria:
http://www.religiousconsultation.org/ Bertan aurkitu nuen kontu "pelbikoei" buruzko lehen aipamena), edo liturgiarekin zerikusia dutenak. Baina horietako gehienek ez dute zerikusirik Fedearekin. Boterea dutenek erabili egiten dituzte botere hori mantentzeko, ez besterik; ez behintzat Ebanjelioak dioenari jarraitu nahi diotelako (Horrexegatik izango ote da mendetan debekatu zitzaigula katolikooi Biblia irakurtzea?).

Ikusi, bestela, zer gertatu den San Carlos Borromeo Madrileko parrokiarekin. Beren bekatu mortala omen da mezatan apaizek ez direla erromatarrez janzten, kaleko jantziekin doazela. Edo ez dituztela hostiak erabiltzen, ogia eta erroskilak baino. Eta kontutan hartu gabe parrokia erabat solidarioa dela, txikienez eta pobreenez arduratzen dena, kaleko neska-mutil galduak helburu dituena edo preso-ohiak eta drogazaleak bisitari usu dituela, Monsinore Rouco Varela Jaun txit agurgarriak, Madrilgo Elizbarrutiko Apaizen Kontseiluarekin batera, parrokia ixtea erabaki du. Elkarrizketarik gabe. Aurrez abisatu gabe. Eta, okerrena, parrokia bera bisitatu gabe. Jende askok bidali die solidaritate-mezuren bat, edo sinatu egin dute erabaki horren kontra haien webgunean (San Carlos Borromeo Parrokia). Sartu zaitez eta sinatu, mesedez. Gainera, prozesu osoaren nondik norakoak ikusi ahal izango dituzu bertan.

Honek denak krisi larrian jartzen gaitu gure Fedea Elizaren barruan bizi nahi dugun asko eta asko. Ni bai, behintzat. Baina ez Fede-krisian, Erlijio-krisian baizik. Elizari muzin egin dioten hainbeste hobeto ulertzen ditut orain. Beren frustrazioa nirearen herena izatearekin, nahikoa dena pikutara bidaltzeko.

Zure komentarioak inoiz baino onartuagoak izango dira oraingo honetan. Laguntza behar dudalakoan nago-eta. Besarkada bana.

2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Nondik egin behar ditugu kritikak, barrutik edo kanpotik? Zeozer aldatu nahi badogu, hoba barruan segitzea. Eragingarriagoa da eta.

Besarkada handi bat.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Bai, arrazoia daukazu, baina...

Bada elementu bat askotan ez duguna kontutan hartzen. Zera da: barruan gauden bitartean, sistemak erabili egiten gaitu bere helburuetarako. Hartara, sistemaren kontrako aurpegi haserretuaren gisara funtzionatzen dugu batzuk, eta gero badatoz Elizaren intelektualoideak eta esaten dizute Elizan modu askotara pentsatzeko modua dagoela, inor ez dela kanporatzen Elizatik horregatik...

Bullshit!

Hala ere, barruan segituko dugu horratio, bai horixe. Bihar bertan (astelehena) badaukat bilera obispuarekin, EKPren Kontseilu Exekutiboarena, alegia. Haserre noa, hori bai. Hortik aurrerakorik...

Zapatuan Valladoliden izan nintzen eta Kontseilu Probintzialeko kide ia-euskaradun batekin berbetan, "Educación para la Ciudadanía" delako ikasgaiaz berba egin be, inposizio etikoa zela ta onartezina zela, ta... Eta ni, barrutik, Jainkoari eskerrak emoten Zapaterorengatik... Azkenean esan egin zidan, bai, zein den ikasgaiaren arazoaren muina: "Sexu berekoen arteko ezkontza 'irakatsi' edo egin beharko dela" (Jesus! Agoantatu egin behar izan nebana...!). Eta hori nire kongregazioan. Elizbarrutian, zer esanik ez. Eta Eliz 'handian' nik baino hobeto dakizu...

Ai, ama!

Dana dala, eskerrik asko zure erantzunagatik. Bakarrenetakoa zara (ez bakarra, baina). Besarkada bana.