Koldo deitzen didate, jatorriz Luis Angel naizen arren. Gasteizen jaioa 1959. urtean eta komunitate erlijioso baten kide ohia. Bilbon bizi naiz, Miribillan, eta euskarako irakasle funtzionaria naiz institutu batean. Erlijioko irakaslea urtetan, klaseok ingelesez ere eman izan ditut. Izan ere hizkuntzak dira nire zaletasun nabarmen bat. Elizaren bilakaera (boterea, sexualitatea, emakumea, gayak...), justizia eta pobreak ditut ardura nagusietako batzuk.
2005/12/21
Inoren lotsa!
Gabonetan gaudela-eta, Elizaren barruan egon zein ez, baina Jesusek ekarri zuen Espirituarekin bat zatozten guztioi, nire zorionik beroenak opa nahi dizkizuet, gauzak oker egon arren, ITXAROPENA letra larriz idazten baita geure bihotzetan, Jainkoaren partetik datorkigun opari eta musua jasotzean.
2005/12/16
Katalunian ondo?
Baina bertan izandako esperientzia pare bati buruz hitz egingo dut hemen, bata jardunaldiekin zerikusia duena eta bestea ez.
Lehena, jardunaldiak amaitu ondorenean, katalanei entzun ahal izan nizkien komentario batzuei buruzkoa da. Haien esanetan, euskaldunok mirestuak gara han; horrelaxe izan omen da aspalditxotik. Baina konturatzen hasiak dira gure aldeko jarrera haiekiko ez dela neurri berekoa, espainiar askok begitantzen dituzten modura begitantzen ditugula, alegia. Eta ez hori bakarrik: geure zilborrari begira ariko baiginan ikusten gaituzte, ez behintzat haiei begira ezertarako. Eta horrek min eman zidan. Eta min eman zidan egiazko zantzuak bazeramatzalako barruan. Zer pentsatua eman dit honek harrezkero. Batez ere atera zuten ondorioa entzutean: "Euskaldunak? Hor konpon!".
Bigarrena hango egoera soziolinguistikoarekin lotuta dago. Nire laguna erabat katalana da, independentzia zalea eta katalanera beti erabiltzen duena. Bere emazteak katalaneraz edo gaztelaniaz egiten dio, gogoaren arabera (Extremadurakoa da). Bere bi seme-alabek amaren hizkuntzaren aldeko joera dute elkarren arterako, baina ez aitarekiko. Oso katalanera ederra dute biek etxeko giroari eta eskolari eskerrak. Baina aitortu zidatenez, ez dute ikaskideetako pare batekin baino katalaneraz egiten: beste guztiekin, aldiz, gaztelaniaz (irakasgai eta ikastordu guzti-guztiak katalaneraz izan arren!).
Marcel, nire laguna, haserre bizian jartzen zen etorkin latinamerikarrekin: atzerritik etorritako guztien artean, ahalegin txikiena beraiek egiten baitzuten katalaneraz mintzatu edo are ulertzeko. Marcelek zioen bezala "Han vingut a ´la Madre Patria´!" eta gaztelania inposatu baino, katalanerarik ez balego bezala egiten omen dute. Eta hori mingarria da, jakina.
Azkenik, esaten zidan kanpoan oso nahastuta geundela, gauzak ez baitzihoazen halako ondo katalanerarentzat. Gazte askok eta askok, hirigune industrial populatuenetan, batez ere, gaztelaniaz baino ez omen dute hitz egiten. Eta ez dira kanpotik etorritakoak, kanpotik etorritakoen seme-alabak eta bilobak baino. Beraz, nahiz eta infografia (kartelak, iragarkiak...) eta komunikabideak lagungarri suertatu, hizkuntz normalizazioa ez dago oraindik eskura Katalunian (eta han ez badago, zer da hemen daukaguna?).
P.S.: Kataluniako hizkuntz legeak behartzen omen ditu partikularrak ere beren informazioa elebitan ematera, bestela, Erakunde Publikoen ahalegina ezerezean ez geratzeko arriskua legoke (aldea nabarmena da Pais Valencià delakoaren egoerarekin konparatuz gero: hor ez dago derrigortasunik, eta katalaneraren presentzia, hemen euskararenaren parekoa da). Noizko horrelako Lege bat Euskal Herri(et)an?
2005/12/14
Arabako Euskara eta Toponimia
Nire adiskide Iñaki Peñak gogorarazi dit neuk ere badudala blog hau eta noizean behin jaramon egin beharko niokeela, aspalditik bertatik azaldu barik nenbilen-eta. Por zierto, hau duzue Iñakiren blogaren helbidea, interesa bazenute:
Ahuntzaren eguerdiko doministikua
Baina noan harira. Durangoko azokan "Legutiano aldeko euskara" izeneko liburua erosi nuen, bi CD mardulekin datorrena, eskualde horretako hainbat euskaldunen ahotsak eta elkarrizketak jasotzen dituena. Egileek beraiek aitortzen duten modura, aldez aurretik pentsa zitekeena baino hainbat euskaradun gehiago aurkitu ahal izan zuten. Eta egia esate aldera, ikaragarrizko zirrara sentitzen da Arabako mendebaldeko lautadako euskara zena/dena entzutean. Are gehiago, gure Amaren familia Bizkaiko Otxandiokoa izanik, ARABAKO EUSKARAZ ("eskueraz'', haiek dioten bezala) hitz egin dugula beti konturatzean!
Hartara, are mingarriagoak suertatzen dira Arabako Aldundiak azkenaldian errepideetan jarri dituen kartelak: "Luko", "Miñano Mayor", "Betolaza", "Ollerías", hango biztanleei argi eta garbi entzuten zaienean "Luku", "Miñao Goien", "Betolatza" edo "Ollerieta". Eta "Legutiano"ko Udal txit goreneko agintariei gogoraraziko nieke bertako euskaldunek, mendetan barrena, "Bilerle" deitu diogula herri horri, eta ez dudala ulertzen nondik eta nora kendu behar zen izen hori errotik, euskal ahotan oso tarte laburrez iraungo zuen "Legutiano" hori jartzeko. Ezer izatekotan, *Legutio edo *Legutidxo, Otxandio, Aramaio edo Lukiao diren modura. Horixe gertatzen da politikariei gure ondare toponimikoarekin jolasten uzten zaienean.
Beste adibide bat: "Zigoitia"-ko eskualdea behin agertzen da aipatuta liburu eta CDtan. Eta elkarrizketatuari "Suigoitidxe" entzuten zaio. Hori horrela izanik, zergatik ez zen aukeratu "Zuigoitia" (Zuia Goikoa, esanahiz) eskualdearen izentzat? Seguru nago garai bateko Zuigoitiatarrek horrela ziotela (oraingo apurrek esango duten modu berean, seguruenik).
Badakit, hala ere, ezer gutxi ahal dutela nire eta nirea bezalako hitzek "stablishment" politikoaren aldean. Iruñea hiri zaharraren izen zahar jatorrizkoa ere erabaki politiko batez "Iruña" erdaldunaz aldatu zutenean...