2005/07/31

Venetian Night

Izen hori hartzen du azken 48 urteotan Chicagon egin izan duten jaiak. Jai horretan, nire irakasle batek esan zuenez, milaka jende pobrek ikusten du lehorretik zelako aberatsak diren ontziak dituztenak. Izan ere, eta argazkian ikus daitekeenez, egun horretarako atondutako ontziak eta yateak pasatzen dira 600.000 pertsona baino gehiagoren aurretik. Jende hau guztia 'Lakefront' inguruko parke ikaragarri handi batean, Grant Parkean egoten dira, belarrean etzanda, nork bere aulkitxoekin, kandelekin, afaltzen... Esan daiteke ontzien 'parade' hori aitzakia baino ez dela udako arratsalde atsegina pasatzeko. Badirudi, gainera, gau horretan alkohola edan daitekeela agerian, hainbat jendek txanpaina, ardo zuria eta garagardoak edaten baitzituen.

Jaia kontzertu batekin hasi zen, dena musika espainiar eta latinoaz, Mexikoko zuzendari gazte famatu batek zuzendua eta Frank O. Ghery-k egindako antzestoki eder horretan. Gero, esan bezala, ontzien parada. Eta azkenik, eta lakuko kai batetik, ikaragarrizko su artifizialak. Irratia eramanez gero, suek segitzen zuten musika-erritmoa entzun zitekeen. Eta hainbeste jenderentzat dela jakinik, neurririk gabe gastatzen dute dirua. Emaitzak bistan daude!

Hainbeste jende elkartu zela-eta, gauzatxo bat komentatu nahi nuke. Beti bezala, jende gehienak ingelesez hitz egiten zuen. Eta beti bezala, 6 edo 7 elkarrizketatik bat-edo gaztelaniaz zen. Baina hainbat jenderi entzun nion polonieraz hitz egiten. Kontutan hartu behar da Chicago munduko bigarren hiri poloniarrik handiena dela, milioi bat 'Polish' bizi omen baita hiri santu honetan. Esan nahi dut hobeto ulertu nuela AEBren 'melting pot' izaera, arraza eta jatorri guztietako jenderen nahasketa baino ez baita. Eta hori aberasgarria da, batez ere ikusten duzunean ikasi dutela elkarrekin bizitzen. Jende gehienak, oso desberdinak izaki, ederki onartzen ditu besteak, nahiz eta hainbat eremutan kontrakoak izan. Nahi nuke nik horretako zerbait ikasiko bagenu denok!

2005/07/28

Let's keep it!


Bizia aurrera doa hemen, kontatzeko gauza handirik ez badago ere. Txintxo-txintxo bagoaz klasera egunero, goizeko 7:30tan irtenda, 8:30tan hasten baitira klaseak. 40 minutu inguru izaten da bidaia. Gaur, zenbait kidek bere azken klaseak hartu ditu, beraz, zenbait argazki egin ditugu eta elkarri eman helbideak eta abar. Orain klasera joan behar dut. Jarraituko dut geroago.

Geroago hori hurrengo eguna da, barikua. Amaitu ditugu aste honetako klaseak eta gurekin izan diren ikasle batzuk doazenez, argazkiak atera dizkigute. Hemen ondoan doa nire klasekoen irudia. Gizon lodikote hori (ni ez naizena) poloniarra da, baina 14 urtez egon da bizitzen Chicagon. Entzun beharko zeniokete hitz egiten! 'Broken English' deitzen diote berba egiteko modu horri.

Atzo ezagutu nuen Belizeko lehen viatortarra izatera doana (nire urtebetetze egunean, abuztuaren 6an, botoak egingo ditu Belizen bertan), Moises Mesh. Maia alde guztietatik, hitz egiten erakutsi ez bazioten ere. Irakaslea da eta nobiziadoa egiten egon da hemen, Milwakee-n (Chicagotik iparraldera). Tipo jatorra iruditu zait. Bere lehen hizkuntza gaztelania delakoan nago. Ingelesa bere bigarrena. Eta kreole hirugarrena (maia, zoritxarrez, ezin da sartu zerrenda honetan). Biok batera joan ginen antzerki musikala ikustera hemengo parrokiara : "The King and I". Seguru aski gogoratuko duzue Yul Briner ospetsuak errege asiarraren papera hartzen zuen filme hura. Ba, parrokiako jendeak, orkestra eta guzti, azken 36 urteotan prestatu ditu era honetako antzerki musikalak. Oso luzea izan zen (3 ordu inguru), baina gustura ikusteko modukoa.

Asteburu honetan badut asmoa "Venetian Night' izeneko su artifizialetara joateko. Larunbat gauean izango dira eta, aldatu ez badira hiru urtetik hona, benetan merezi du: lakuaren inguruan eta musikarekin batera, espektakulu ikusgarria izaten da. Eta igandean, ea ikusten dudan musikako 'show'ren bat, badaude-eta ikustoki ireki piloa, sarreran hitz magikoa dutela: 'FREE'.

Kontauko deutsuet.

2005/07/24

Let's go to the movies!


Gaur Chicago 'Downtown' (hirigunea) joan gara. Duela hiru urte, lehenik egon nintzenean, lanean ari ziren "Millenium Park" izenekoa eraikitzen. Gaur, Saint Viator Parrokian aparkatu ondoren, "EL" delakoa hartu dugu ('ELevated Train') eta erdialdera joan gara, 'Loop' ('Bihurgunea' ) izeneko ibilbidea egin, etxeorratz ikaragarrien artean, eta parke horretara heldu gara azkenean. Hitzik gabe geratu naiz. Lehenengo, bi zutabe handi, kristalezkoak-edo, ura dariela goiko aldetik eta aurpegi batzuen proiekzioak erakusten dituztela; ume piloa zebilen azpian goitik zetorren uretan bainua hartzen, edo dutxa -egun beroa izan da eta ondo zetorren freskura hori. Ondoan duzue irudi bat.

Gero, piska bat gorago joan eta, lorategi zoragarri batzuetatik pasatu eta berehala, 'Bilbon gaozak!' . Horixe pentsatu dugu, Frank O. Ghery-k diseinatutako aire zabaleko antzestoki ederra ikustean. Ondoan baziren frantsesez ari ziren emakume batzuk eta "C'est comme le musée de Bilbao" esaten entzun diegu. Egia esateko, ez dago munduan Bilboko Guggenheim bezalakorik (Bilbon dagoelako), baina ingurune honetan, benetan, sinestezina egiten da obra hau. Ondoan dauka halako suge moduko zubi bat, beste parke batekin lotzen duena eta hori ere, ederra.

Gero, oinez ibili gara 'Magnificient Mile' izeneko pasealekutik barrena, erosketa batzuk egin eta 'EL' berriz hartuta, automobila utzi dugun lekura. Baina automobila hartzera joan garenean, ezusteko desatseginarekin egin dugu topo. Lanean ari ziren langile latino batzuk eta gure kotxeak oztopo egin izan die egun osoan zehar. Barkamena eskatu diegu haiei eta parrokiako viatortarrei eta etorri gara Arlington Heights-era. Bertan, eta eguna borobiltzeko, 'The Island' filma ikusi dugu zinean. Ez dakit Euskal Herrira heldu den, baina niri, behintzat, gustatu egin zait: 2020 urtean gizakiak klonatu egiten dira, 5 milioi dolar ordaindu eta gero. Eta klon bik ihes egiten dute. Esandakoa, gustatu egin zait. Bihar gehiago.

2005/07/22

I got caught by the police


Klaseko bigarren egunean, Arlington Heights-eko gure etxera itzultzen ari ginela eta oraindik oso hurbil 'Dominican University'-tik, ez nintzen konturatu eta, dirudienez, gehiegi zapaldu nuen azeleradorea. Muga 30 milia izanik (48 km/h), ni 45 milia/h abiadura neraman (72 km/h). Polizia automobilak halako seinale berezi batzuk egin zizkidan eta nik aparkatu egin nuen albo batean. Badator ofiziala -gazte samarra- eta dokumentuak eskatu dizkit. Nik nazioarteko gida-baimena eta pasaportearen kopia eman eta berak itzuli. Eta orduan, galderak: 'Are you Fathers?' (!) Eta nire erantzuna: 'No, we are Brothers, from the Viatorians'. Orduan berak: 'Are you going to Arlington Heights?' (!) Eta nik: 'Yes, that's it'. Beraz, bazekien ia dena gutaz, matrikulagatik, suposatzen dut. Baina, horretaz aparte, bazirudien viatortarren ikasle ohia-edo balitz bezala... xehetasun gehiegi zekizkien eta matrikulatik atera ezin zitezkeenak.

Azkenean barkatu egin zigun isuna (70$ edo gehiago). Handik aurrera, ez duzue ikusiko beste inor hainbesteko arretaz gidatzen duenik inguruotan. Kontatu egin genien hemengo anaia zaharroi eta denak hasi ziren: 'Don't speed, don't speed. It's just too risky!' Eta horrelakoak. Enfin!

Eta hasi naiz ezer esan barik gure ikasketa lekuaz eta mailez. Oraintxe zuzenduko dut hori. Gure eskolak 'ELS' dauka izena eta AEBko leku askotan dauzkate sukurtsalak. Chicago inguru honetan 'Dominican University' delako unibertsitate pribatuan dauzkate gelak. Izatez, unibertsitatearen adartzat jotzen dute. Lehen egunean 'placement test' delakoa egin behar izan genuen, jakiteko zein mailatan eta ze klasetan jartzen gintuzten. Nahiko egun astuna egin zitzaigun, batez ere niri, gauza gehienak banekizkielako aurrekoan egon nintzenetik. Eta hurrengo egunean, berriz, esan ziguten emaitza. Ni 110 mailan jarri naute, 'masters' izeneko lehena (beste bi baino ez dago hortik gora, 11 eta 112, baina ikasle bat baino ez dago 111 mailan eta inor ez 112an -eta 100dik gora dira ikasleak).

Lekua zoragarri polita da, pelikuletan agertzen diren unibertsitate amerikar eder horien tankerakoa. 40'ko bidea daukagu automobilez hara heltzeko (eta automobilez joan behar, Herri honetan ez baitago ia zerbitzu publiko ganorazkorik). Bertan hainbat herrialdetako ikasleekin elkartzen gara, baina ELSn, batez ere, Asiako jendea dago: japoniarrak, taiwandarrak, hegokorearrak, baita thailandarren batzuk ere... Ez nire klasean, baina J.J.renean, denak dira Asiarrak bera eta frantses bat kenduta. Nahiko zaila egiten omen zaio haien ingelesa ulertzea...

Eta gaurkoz, nahikoa. Hemen behean sakatuta mezuak idatzi ditzakezue, horrela jakingo dut baten batek irakurtzen duela blog hau!

2005/07/17

I am here!


Sentitzen dut hain berandu ibili izana, baina Internet ez dabil etxe probintzialean eta asteburua pasa arte ez dute martxan jarriko. Anaiari idatzi ahal izan nion eta gero bertan behera geratu zen. Hona hemen anaiari idatzitakoa:

Bidaia ederto. Leihoaren ondoan tokatu zait, eta hori ia ondo dago. Hasieran bazirudien kalefakzioa piztuta zegoela, baina hegaldatu garenean normal jarri da (hitz egiten ari naiz Londonetik Chicagora bidaiaz, ez Bilbotik Londonera). Hegazkina ordubeteko atzerapenez atera da, zergatik ez dakit. Barruan, 18 kanal dauzkazu aukeratzeko, aurre-aurrean duzun telebistatxo pertsonalean ikusteko. Gero, Ingalaterra, Kornualles eta Irlandako hegoaldea ikusi ditut leihatilatik, nahiko ondo. Gero itsasoa, siesta eta pelikula eta gero Ternua ikusi dut (Terranova), Quebec, Ontario, Lake Huron, Lake Superior, Michigan estatua, Lake Michigan eta Chicago. Por zierto, lurreratu baino lehen, hainbat buelta egin ditugu Chicago gainetik, baina ez Chicago "downtown"-etik (pena!).

J.J. (Garcia, ez Egilaz) egon da itxaroten, baita John Eustice, guri bisitan etorri zitzaiguna eta Chris ?, nobizio izatera doan bat, 37 urtekoa. Ekarri egin gaituzte amak ezagutzen duen "Provincial Center" delakora eta afaltzera joan gara. Han hainbat aurpegi berri (zahar) ikusi ditut eta asko gogoratzen ziren nitaz eta amaz. Monjak ere bisitatu ditugu, eta ama egon zaneko 5 monja egon dira, eta ederto gogoratzen zuten bera.

Eman digute honez gero automobila eta bihar bertan joango gara unibertsitatera matrikula formalizatzera. Orain hemen arratsaldeko 20:00 h dira, baina horko 03:00 h. O sea ke, nekatuta nago oso. Suposatzen dut telebista ikusiko dudala pixka bat eta ohera joango naizela. Eman goraintziak hortik!


Hortik aurrera, berriz, logurarekiko borroka etorri da eta erritmo pixka bat hartzea. Unibertsitatera nola joan ondo gogoratzen nuen eta gogoratzen ziren nitaz, bai irakasleak, baita "staff"ekoak ere. Matrikula eginda, esan beharra daukat Harry Potter-en azken liburuaren argitalpena gauerdi horretan izatekoa zela, eta bazter guztiak nahastuta agertzen ziren hori zela-eta. Hainbat ume eta ez hain ume ikusi ditugu Harry Potter-en liburuetako pertsonaien gisara, eta hurrengo egunean (atzo) liburudenda batera joanda, ilara luze bat zegoen liburua erosteko. Aldez aurretik erreserbatuta, noski... Zoramena!

Guk ez genuen erosi, itxaroten argitalpen merkeagoa laster batean aterako dela (deskontu guztiak kontuan hartuta, $22 inguru ateratzen zen), baina bai joan ginen "Fantastic 4" filmea ikustera. $6.5 bakoitzaren sarrera eta jarlekuak ez Euskal Herrian bezain erosoak, inondik ere. Alboan umetxo batzuk, pelikula ikusi baino, filmatzen ari zirela itxuran, hots-banda eta guzti. Baina gustura azkenean.

Gaur mezatara joan gara St. James parrokiara. Gimnasio batean egiten dute meza, parrokian (eta ez da txikia) ez direlako denak sartzen. Kalkuluak eginda, 600dik gora egon garela esango nuke.

Eta orain, hemen, Arlington Heights-eko liburutegi publikoan. 75.000 biztanleko Chicagoko "suburb" horietako bat izanik, ez dut uste halako liburutegi handirik topa genezakeenik Euskal Herri osoan. Interneteko sail honetan, 50 ordenagailu daude, esaterako. Eta igandea izan arren, dena dago zabalik, baita liburutegi hau ere... Ez dirudi oporrak hartzen dutenik...

Hurren arte.

P.S.: argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, jo http://www.flickr.com/photos/fray/sets/604616/ helbidera

2005/07/14

I am leaving!

Maletak betetzen nabil eta larregi ditudala eta zerekin bete gitxi konturatu naz, berandu baina. Egia esateko, ez dot euki gogo handirik, baina aldez aurretik prestatuta egonda, goiari eutsi behar. Goizeko 09:55tan hegaldatuko da nire hegazkina Londresera eta handik Chicagora, hango 15:45tan heltzeko (12 orduko bidaia izanda be, 5 ordukoa izan balitz moduan ibili behar!). Han egongo dira nire anaiak zain, "Provincial Center" delakora eroateko eta hurrengo eguna zelabait prestatzen hasteko. Argazkiren bat atara eta jarriko dot hemen, zelan topatzen badot, behintzat.

2005/06/12

KRISTAU SAREA-BIZKAIA izeneko foroa osatzen ibili gara ikasturteko lehen hiruhilabetekotik hona. Lehengo ekainaren 2an izan genuen lehen bilkura handia, 80 lagunetik gora bildu ginela. Webgune bat sortzeko ahaleginak egiteko asmoa ere badugu, eta nik, besteak beste, euskaraz ere izan dadin arduratuko naiz. Bien bitartean, blog honek ematen dituen aukerekin konformatu behar. Beraz, webgunea martxan jarri arte itxaron beharko duzue gure "Hasierako Adierazpena" (ederra baino ederragoa!) irakurtzeko.


Hala ere, kexatzeko motibo gutxiago izan dezazuen, ondoko lerrootan irakurri ahal duzue haren zatitxo bat, datorren asteko iganderako eskuma kristauak deitu duen kale-agerraldi hori dela-eta atera nahi dugun oharrean sartuta. Hona:

“FORO ESPAÑOL DE LA FAMILIA” DELAKOAK MADRILEN EKAINAREN 18RAKO DEITU DUEN KALE-AGERRALDIARI BURUZKO OHARRA

Berrikitan sortu dugu KRISTAU SAREA-BIZKAIA Foroa, gaur egun 180 kide dituena –laiko, erlijioso eta apaizak-; denak Bizkaiko Eliza Katolikoko kideak. “Foro español de la Familia” delakoak Madrilen Ekainaren 18rako deitu duen kale-agerraldia dela-eta, honakoa adierazi nahi dugu:

Gure Foroaren Hasierako Adierazpena osatzen duten ataletako batek honela dio: “Honi buruz hitz egin eta honen aldeko bide-norantza duen Foroa eratu nahi dugu: Pertsona homosexualen eskubideak eta nortasun osoa onartzea gizartean eta elizan, beren batze zibil eta erlijiosoa barne.” Horrexegatik, norberak komenigarri ikusten duenagatik kalean agertzeko eskubidea errespetatuz, guk, hiritar eta katoliko gisa, ez dugu sustatzen kale-agerraldi hori. Hausnarketarako deia ere egiten dugu, Bizkaiko katolikook deialdi horretatik bereizi gaitezen eta bertan parte hartu ez dezagun.

2005/06/09

Igor Leturia adiskidearen bitartez, honako helbide hau eskuratu dut: http://laparroquia.net/cristux/

Bertan, Apaiz, erlijioso edo erlijioarekin lotutako gaietan lanean diahardutenengan pentsatuz, Linux distribuzio berria egiten ari direla aurki daiteke, Linux kristaua-edo. Oraindik amaitu gabe dago, baina agindu agintzen dute parrokien kudeaketarako lanabesak egongo direla, bai eta bilaketa biblikoa eta horrelakoak egiteko modua.

Laguntza ere eskatzen dute, posta-zerrenda batean izena emateko animatuz. Badakizue...

2005/06/01

Budismoa

Aitor Etxebarria Malaxetxebarriaren blog ederrari eskerrak (http://aitoretxe.berriemaile.com/) eskuratu dut testu hau.

Budismoa k.a. VI mendearen bigarren erdian Budak (Sidharta Gautama) sortutako erlijioa da.Halere, erlijioa baino areago, bizitzeko filosofia bat moduan ulertua izan da. Nepalen eratu eta India osora zabaldu zen, baita Asiako hainbat lekutara ere. Budismoa mota askotako jarraitzaileak batzen ditu, pertsona umiletik hasita erregeetaraino.

Buda (Sanskritoz “argitua”) k.a. 556. urte inguruan jaio zen Kapilavastu-n, Nepalgo hego-ekialdean. Sayka leinuko Suddhodanna erregearen semea zen eta hamasei urte zituela, aitak Yasoddhara edo Gopa izeneko printzesarekin ezkon erazi zuen. Lur Hiztegi Entziklopedikoan agertzen den bezala, hogeitabederatzi urte bete arte erlijio ardurarik gabeko bizitza eraman zuen.Baina halako batean, eri bat, gorpu bat, eta fraide batekin topatu ondoren bizitza aldatu zitzaion eta egia bilatzeari ekin zion (1). Brahman ospetsuenekin ikasi nahi zuen baina maisuen urritasunaz konturatu zenean, ohian beltzera erretiratu zen. Bertan sei urte egin zituen meditatzen eta ondoren, Bodh-Gaya-n, haren izpiritua iratzarri eta buda bihurtu zen. Beranduago, bost laguni predikatu zien bere dotrina eta denborarekin, dizipuluz inguratua ikusi zuen bere burua. Indiatik ere ibili zen erregeak eta erresumak konbertituz. Euskal Hiztegi Entziklopedikoan irakurri ahal dugun moduan “Oso bizkor zabaldu zen erlijio berria. Rajata-n eraiki zuen lehen monasterio budista”(2). Berrogeitabat urte predikatzen ibili ondoren nirvana-ra heltzea lortu zuen. Nirvana, zorion eta bake egoera adieraztezina da. Larogeitabat urterekin hil egin zen, baina bere dotrinak aurrera jarraitu zuen.

Irudia www.castellersdelleida.com-i esker

Lau egia jatorretan laburbildu zuen Budak bere irakasbidea: “Bizitza osoa oinazea da funtsean; oinazearen sorburua, berriz, irrika da, batez ere bizitzarekiko atxekimendua; irrika oro suntsitzea da oinaze guztien sendabidea; irrika suntsitu eta oinazea kendu ahal izateko, bide zuzena erabili behar da” (2). Bide zuzen horrek zortzi urrats ditu: irizpide zuzenak, asmo zuzena, hizkera zuzena, jokabide zuzena, bizibide zuzena, ahalengin zuzena, oharmen zuzena eta barne-kontzentrazio zuzena. Guzti honen helburua nirvana da. Historia de las Religiones liburuaren arabera urratsak hiru kategoriatan banatuta egoten dira: jokaera morala, disziplina mentala eta ezagutza intuitiboa (3).

Budismoaren historian ez da errege edo enperadoreen babes faltarik izan: “Asoka enperadorearekin (k.a. III. mendea) inperioaren barnean zein kanpoan sustatuko zen haren hedapena; Kaniska erregearen faborea izan zuen (k.a. I. mendea); Gupta dinastiaren garaian (320-480) Indiako pentsaera mota desberdinak bakean garatu ziren elkarren ondoan; Ondoko enperadoreek budimoarekiko tolerantzia erakutsi zuten eta Harsvardhana errege handiak (VII. mendea) trataera berdina eman zien jadanik eztadaida bizian ziharduten brahmanismoari eta budismoari” (1). Baina babes hori apaltzen joan zen eta musulmanen inbasioarekin indar asko galdu zuen budismoak. Baina ordurako, Tibetera eta Ekialde Urruneko hainbat herrialdetara hedatu zen Budaren dotrina.

Budismoak bi adar nagusi ditu: Alde batetik, budismo Mahayana, eta bestetik, budismo Theravada (4). Budismo Mahayana Txina, Tibet, Korea, Mongolia, Nepal eta Japonen praktikatzen da. Hau praktikatzen dutenen helburua perfekziora beranduago heltzea da, lehenago, besteei bidea zein den erakusteko. Budismo Theravada ordea, Sri Lanka, Birmania, Tailandia, Camboia eta Laos-en praktikatzen da. Hauek kontserbakorragoak dira eta Buda da miresten duten figura bakarra. Santu perpektua izatea da hauen helburua.

Monastegietan, monjeen bizitza nahiko gogorra da. Hauek Vinaya gida liburuan agertzen diren 250 aginduak jarraitu edota errespetatu behar dituzte(4). Monjeek, zortzi objetu bakarrik izan ahal dituzte: Hiru manto, kampaitxo bat, diruarentzako ontzi bat, orratz bat, urarentzako ontzi bat eta labain bat. Gaur egun bi gauza gehiago izaten dituzte: aterkin bat eta liburuak. Monjeak monastegietatik irtetzen direnea jendean budismora hurbiltzeko izaten da.. Halere, budisten eta kaleko jendearen artean interdependentzia indar handi bat dago. Kasu askotan monastegiak herriko eskolak izaten dira.

Budak ez zuen erretraturik izan nahi , ondorioz, bere jarraitzaileek sinboloetara jo zuten: tronoa = soberano espirituala; errobeda = Budaren dotrina; zuhaitza = argitasuna … (5) . Liburuei dagokionez ez dago biblia bezalako liburu sakraturik. Budismoaren adar bakoitzak bere kolekzioak idatzi zituzten. Budak berak ez zuen bere dotrina idatzi, ahoz-aho ibili zen urte askotan idatzia izan zen arte.

Budismoak duen indarraz ohartzeko, munduko zenbat lekuetara heldu den ikustea besterik ez dugu. Han-en dinastian Txinara heldu zen (III. mendea). 500. urtean Japonera heldu zen. Bertan hiru aldaera izan ditu: Lehenengoa Reiyukai izenekoa da eta 1925ean Kakutaro Kubok eta Kimi Kortanik sortu zuten. Bigarrena hamairu urte beranduago, Myoko Naganuma eta Nikkyo Niwamok, Rissho Kosei Kai delakoa sortu zuten. 1930ean Tsunesaburo Makiguchik hirugarrena sortu zuen, Sokka Gakai izenekoa.
Tibet-eko budismoari dagokionez, maisuei garrantzi handia ematen zaie. Dalai Lama da liderra. Budismoa Amerikara, Txina, Japon, Korea, Vietnam, Tailandia, Birmania Camboya, Sri Lanka eta Asiako beste hainbat estatuetako inmigranteen eskutik heldu zen. Historia de las Religiones liburuaren arabera, 1898rako gazteentzako budista asoziazio bat martxan zegoen San Frantziskon, eta 1899 an hainbat misionero talde heldu ziren Japonetik (3). 1944ean Ameriketako Budisten Eliza-ren mugimendua eman zen. Amerikan jatorri europarrekoak izan ziren budismoaren influentzia gehien jasan zutenak.

Budismoaren izaera gutxi dogmatizatuak, ikuspegi zabalak eta izakera eta bizimodu desberdinetara egokitzeko duen erraztasunak, eragin handia izan dute bere hedapenean. Horregatik, gaur egun fisikoki hain urrun dauden lurraldeetako pertsona askok bizitzeko filosofia bera dute.

Oinarrizko Bibliografia

1- Josu Zabaleta. Lur Hiztegi Entziklopedikoa. Lur, 1992. 369 or. (Lur Hiztegi Entziklopedikoa; 2). ISBN 84- 7099-304-6.

2- Klaudio Harluxet Fundazioa. Eukal Hiztegi Entziklopedikoa.1995. 681 or. (Euskal Hiztegi Entziklopedikoa; 2). ISBN 84-921094-1-6.

3- Marcos Antonio Ramos. Historia de las Religiones. Barcelona: Playor, 1989. 135 or. ISBN 84-359-0614-0.

4- Carlos Gispert. Religiones del Mundo. Barcelona: Océano. 157or. ISBN 84-494-2195-0.

5- Paul Poupard. Diccionario de las Religiones. Barcelona: Herder, 1987. 230 or. ISBN 84-254-1547-0.

6- Arregi, Joxe, "Oinatzak bidean. Erlijioen historia", Bilbao 2004, 378 or.

2005/05/24

Argazkiak azkenean!

Igor Leturia adiskideari eskerrak (Iñaki Peñaren ekimenez, baina), azkenean ikasi dot zelan ipintzen diren argazkiak blog-ean. Hemen ipini ditudanak orain pare bat aste nire institutuko lankideekin egin gendun irteerakoak dira. Seinaka baino ezin direnez sartu, gure "raft"ekoak dira denak, beste bat egoan arren. eskerrik asko, Igor laguntzagaitik. Ea ikusten diren... Helbidea hau da:

http://www.flickr.com/photos/fray/
edo
http://www.flickr.com/people/fray/

Oraintxe konprobatuko dot!

2005/05/19

Oraindik probatan

Asmoa daukat tramankulu hau erabiltzeko AEBra joaten naizenean eta hitza ematen dizuet ikasi egingo dudala zelan dabilen. Por zierto, baten batek badaki zelan jarri daitezkeen argazkiak ikusteko moduan bilduma batean bezala eta ez banan-bana? Eskertuko ditut komentarioak. Izan ere, nire lagun batzuek ezkonbidaia egin zuten eta hango argazkiak jarri zituzten bestelako weborri batean, link zuzeneko baten bitartez blogarekin lotuta.

Eta baldin balego artxiboak eskura jartzeko modurik, eskertuko nuke argibiderik. Izan ere, *.exe bukaera dutela-eta, inongo posta-zerbitzarik ez dit uzten bidaltzen, spam-a eta birusak direla-eta. Ondo legoke blogean jartzeko moduren bat balego (inorante hutsa naiz kontuotan). Eskerrik asko.

2005/05/03


Ñabarro etxeko Andra-gizonak "by the fire" Posted by Hello

Ñabarro etxeko Jaun-andreak Posted by Hello

Otsagabiako Ñabarro etxeko Jauna Posted by Hello

Sor Loli Elurpean Posted by Hello
Zoratu egingo naz argazkiak bere lekuan jarri nahian!